Eskatutako lanbideak: 2024ko Txostena
2024 | 2022 | 2020 | 2018 | 2016 |
Gipuzkoako enpresen artean bi urtean behin egiten den Lan Beharren eta Lanbide Profilen Inkestaren aurkezpena. Bertan, honako hauei buruzko galderak egiten zaizkie: aurreikusitako jarduera eta kontratazioa, behar dituzten profilak eta espezializazioak, eskatzen dituzten kualifikazio- eta prestakuntza-beharrak eta behar dituzten langileak aurkitzeko zailtasunak.
Hiru lurralde historikoetako Confebaski lotutako enpresa elkarteetan aldi barean egin dugun inkesta honi esker, beste urte batez hainbat eragile soziali hezkuntza-eta prestakuntza-eskaintza planifikatzen lagunduko diogu, eta era berean enpresei beharrezko prestakuntza duten eta beren beherretara egokitzen diren langileak topatzen lagunduko diegu.
Inkestak lan-merkatua eta haren beharrak hobeto ezagutzeko ekarpena egin nahi dio enpresen munduari, eta horretarako kontratatzaileen, hots, enpresen beraien egoera neurtzen du. Lehen eskuko informazioa jaso dugu enpresek dituzten aurreikuspenen inguruan: jardueran eta kontratazioan, zer espezializazio eskatuko dituzten, zer kualifikazio eta prestakuntza duten langileak beharko dituzten eta zer zailtasun izango dituzten profilak lortzeko.
Txostenara Sarbidea (3.74 MB)
Inkestaren xedea da lan-merkatua eta haren beharrak hobeto ezagutzeko ekarpen enpresariala egitea, eta zuzenean kontratatzaileen pultsua hartzea: enpresena. Aurreikusitako jarduerari eta kontratazioari dagokionez dituzten aurreikuspenei, behar dituzten profil eta espezializazioei, eskatzen dituzten kualifikazio- eta prestakuntza-beharrei eta 2024an beharko dituzten langileak aurkitzeko zailtasunei buruzko informazio bildu ahal izan dugu lehen eskutik.
Gipuzkoako enpresek 2023 amaieran 2024rako adierazi zizkiguten jardueraren eta hazkundearen aurreikuspenak sendoak izaten jarraitzen dute, azken bi urteotan enpleguak hazkunde izugarria izan ostean, eta badirudi joera mantendu egingo dela desazelerazio arin eta logikoarekin: kontratazio-aurreikuspenak indartsua izaten jarraitzen du eta enpresen % 52k adierazi du 2024an pertsona gehiago kontratatzeko beharra duela, bai jarduera handituko duelako, bai jarduera berriak egingo dituelako. Horrez gain, erretiroa hartuko duten pertsonak ordezkatzeko edo txandatzeko eskaria handitu egingo da, eta 8.500 kontratu berri egingo dira horren ondorioz sektore pribatuan. Horietatik % 60 mugagabeak izango dira, gehienak lanaldi osokoak.
Erretiroagatik eta lagatzeengatik, itxierengatik eta/edo kaleratzeengatik egongo diren bajak kenduta, aurten 4.100 enplegu garbi sortuko lirateke.
Hauek dira lanpostu berriak beteko dituzten okupazio-talde nagusiak: teknikari zientifikoak, ekoizpeneko teknikariak eta erdi-mailako arduradunak. Bete beharreko lanpostuen banaketa, halaber, honela banatzen da: % 55 Unibertsitateko eta Graduondoko Ikasketentzat (% 13 Masterrekoak eta % 4 Doktoretzak), % 18 Goi Mailako Lanbide Heziketako Prestakuntza Zikloentzat eta % 13 Erdi Mailako, Oinarriko eta Profesionaltasuneko Ziurtagirientzako Lanbide Heziketako Prestakuntza Zikloentzat.
Eta, azkenik, % 80ra igo da kontratatzen duten eta beharrezkoak diren profil profesionalak aurkitzeko zailtasunak dituzten enpresen kopurua, funtsean, beharrezko prestakuntza edo espezializazioa aurkitzen ez dutelako, edo beharrezkoa den jarrera, prestutasun eta/edo interesik ez dutelako.