Kutxabank, Adegi, Cebek eta Seak 4.0 inbertsioak lehenetsiko dituzte Makina Berria programaren seigarren edizioan
15/01/2019
Beste 2.000 milioi euro bideratuko dira inbertsio produktiboetarako finantzaketan erabakigarria den lankidetza-ildo luze honetan. Robotika, analitika edota inteligentzia artifiziala bezalako teknologia berriak bateratzera bideratutako finantzaketa eragiketek baldintza bereziak izango dituzte ekainaren 30era arte. • Kutxabankek 2018an inbertsio produktiboetara zuzendutako finantzaketak %12tik gora hazten jarraitu du
2019ko urtarrilaren 15ean. Kutxabankek eta ADEGI, CEBEK eta SEA elkarteek ‘Makina Berria’ planaren seigarren edizioa sinatu dute goizean, eta enpresek beren egitura produktiboa berritu dezaten 2.000 milioi euro bideratu dituzte egitasmo honetara.
Edizio berri honetan, hiru patronalen bazkide diren enpresek finantzaketa baldintza abantailatsuak izango dituzte 2019ko ekainaren 30era arte, inbertsioak 4.0 industriaren baitan kokatzen diren teknologiak berritzeko egin nahi badituzte. Horrela, planak ezarritako oinarriko interes tipoa, 12 hilabeteko Euribor gehi %1,80, 0,15 puntutan hobetuko ahalko zaie. Makina Berriak interes tipo finkoko eragiketak kontratatzeko aukera ere ematen du.
Hobariaren helburua prozesu produktiboan teknologia berrien barneratzeak dakarren erronkari aurre egin ahal izatea da, tartean robotika, analitika, inteligentzia artifiziala, ezagutzako teknologiak, nanoteknologia, edota ‘gauzen internet’ deiturikoa. Honela, Makina Berriak teknologia hauen bultzada probestu nahi du euskal enpresa ehunaren lehiakortasuna hobetu eta eraldatzen jarraitzeko.
Lankidetza hitzarmen berria 2019ko amaierara arte izango de indarrean, eta goizean sinatu dute Bilbon finantza erakundeko Kontseilari Ordezkari Javier García Lurueñak eta Eduardo Junkera ADEGI Gipuzkoako Entrepresarien Elkarteko Presidenteak, Iñaki Garcinuñok CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazioko Presidenteak eta Pascal Gómezek SEA Arabako Enpresariak elkartearen buruak.
Sinaketa ekitaldian, Kutxabankeko Kontseilari Delegatuak nabarmendu du enpresa txiki eta ertainak beren lehiakortasuna hobetzeko egiten ari diren “esfortzu ikaragarria”, batik bat beren eraldaketa digitalaren bitartez. Hori guztia eskatzen dituzten finantzaketa beharretan ikusten dela gaineratu du. Honen haritik, Javier García Lurueñak Kutxabanken konpromisoa ekarri du gogora, “2018. urtean, aktibo finkora bideratutako %12 finantzaketa handiagoa jarri baitu euskal ETEen eskuetan, zati handi bat 4.0 ezaugarriekin”.
Eduardo Junkerak, Adegiko Presidenteak, azpimarratu du “gabiltzan merkatu globaletan, teknologia maila handiko produktuak behar ditugu, balio erantsi handiagokoak. Hori ezinezkoa da geroz eta eraginkorragoak eta onagoak diren makinetan inbertsiorik egin gabe”. Horregatik, ADEGIko Presidenteak gaineratu du “gaur sinatu dugun akordioak enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna hobetuko dituen itxaropena dugu”.
CEBEK-eko Presidenteak, Iñaki Garcinuñok, adierazi du “Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko enpresentzat albiste ona da Makina Berria plana abian jarri izana”. Gaineratu duenez, “Makina Berriari esker, gure enpresek Bizkaia eta Euskadiko ekonomian jarduera sortu dezaketen aktiboak eskuratu ditzakete. Hau bezalako ekimenak erabakigarriak dira era honetako inbertsioak bultzatzeko, eta Euskadin edo Bizkaian hain garrantzitsua den industriaren bilakaeran zeresan handia dute, enpresetan konfiantza handitzen laguntzeaz gain”.
Pascal Gomez SEA Arabako Enpresak elkarteko Presidenteak azpimarratu duenez, “oso garrantzitsua” da hitzarmen hau berritzea, “akordio egonkorra da, gure enpresen lehiakortasuna bultzatzeko ezinbesteko babesa, bai nazioko merkatuetan, nola nazioartean”. Horregatik, Arabako Enpresak elkarteko Presidenteak esan du “beharrezkoa da Arabako enpresarientzat nahikoa inbertsio bideratzea 4.0 industriako inbertsioak egin ahal ditzaten, horrek dakartzan abantaila guztiekin”. Era berean, Gomezek adierazi du “hitzarmen hau sinatu den unea ere garrantzitsua da, Kutxabanken moduko erreferentziazko erakunde batek, inbertsio produktiboaren aldeko apustua egiten baitu, ziurgabetasuna dagoen testuinguru ekonomiko honetan”.