Gipuzkoako enpresen eskarien zorroa maximoetan dago
05/10/2018
Enpresen % 88,5ek uste du eskari maila normala edo altua duela, hau da, segida osoko emaitza altuena da eta, lehen aldiz, % 85ekoa baino handiagoa izan da.
Produkzio-gaitasunaren erabilera ia % 85ekoa izan da irailean; hau da, 1999ko urtarriletik izandako maila altuena. % 80tik aurrera ekonomia bere potentzialera gerturatzen ari dela uste izaten da.
Enpresen % 98k uste du merkatuaren egoera normaltasunekoa edo susperraldikoa dela: % 2ko minimora jaitsi dira atzeraldia aipatu dutenak
Fakturazioak % +3,2 egin du gora aurreko hiruhilekoarekin alderatuta; barne-merkatuan izandako igoera % 3,3koa izan da, eta kanpo-merkatukoa % +2,8koa.
Enpresen % 94,5ek langile kopuru berarekin jarraitzea edo langile gehiago izatea aurrez ikusi du. Adegik mantendu egin ditu 2018an gutxi gorabehera 7.000 lanpostu garbi sortuko direla dioten aurreikuspenak.
Langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna da oraindik ere enpresen kezka nagusia.
Enpresen herenak adierazi du kontratazioren bat egiteari uko egin diola pertsona egokirik aurkitzen ez zuelako.
Gipuzkoako BPGa maximo historikotan dago. 2018ko lehen seihilekoan, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, % 3,2 igo da. Lehen eta bigarren hiruhilekoetan izandako igoerak, hurrenez hurren, % 0,4 eta % 0,6 izan ziren.
Gipuzkoako enpresek egindako merkantzien esportazioak maximo historikora iritsi dira.
Industria-produkzioa % +7 igo da lehen zazpi hilabeteetan; hau da, azken bosturtekoan izandako gorakada handiena eta zikloaren adierazlea hazteko fasean dago.
Enplegua sortzearekin lotutako joerak sendo jarraitzen du: besteren konturako Gizarte Segurantzako afiliazioa % +3 baino gehiagoko tasetara igo da, gorakada 7.148 pertsonakoa izan da eta kontratazio mugagabea errekorreko mailetara iritsi da.
Enpresen egoerari buruzko inkesta
Merkatuaren egoera:
Enpresen % 98k uste du merkatuaren egoera normaltasunekoa edo susperraldikoa dela: % 2ko minimora jaitsi dira atzeraldia aipatu dutenak, eta % 54,4eko maximora igo da susperraldia aipatu dutenen kopurua.
Enpresen % 54,5en ustez, merkatua susperraldian dago eta horixe izan da segida osoko bigarren emaitza onena. Enpresen % 43,5ek uste du merkatuaren egoera normaltasunekoa dela. Enpresen % 2k bakarrik aipatu du merkatua atzeraldian dagoela (beste minimo historiko bat ezarri da horrekin).
Hurrengo hilabeteei dagokienez, enpresen % 95ek aipatu du merkatuko egoera normaltasunekoa edo susperraldikoa izatea espero duela. Enpresen % 5ek bakarrik espero du atzeraldi-egoera.
Maximotan zegoen industria-konfiantza ahuldu egin da Europan eta Japonian; aldiz, AEBn ia maximotara iritsi da. Kasu guztietan, dena den, PMI indizea hedaldia erakusten duten mailatan dago. EBko ekonomia nagusien artean, Italia da okertze handiena erakusten duena, Espainia da iazko erregistroaren azpitik ez erortzea lortu duen bakarra, eta Alemania baikortasun handiena erakusten duena.
Salmentak: fakturazioak % +3,2 egin du gora aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, barne-merkatuan izandako igoera % 3,3koa izan da, eta kanpo-merkatukoa % +2,8koa. Enpresen % 91k lortu du salmentak mantentzea edo areagotzea; aldiz, % 9ko minimora jaitsi da beherakada gertatu dela esan duten enpresen kopurua.
Enpresen batez besteko fakturazioa % +3,3 inguru igo da azken hiruhilekoan aurreko aldiarekin alderatuta. Enpresa industrial esportatzaileen bilakaera esportatzaileak ez direnena baino hobea da; izan ere, esportatzaileen joera ez-esportatzaileena baino hobea izan da barne-merkatuan.
Enpresen % 91k lortu du aurreko salmentak mantendu edo hobetzea. Enpresen % 42k adierazi du aurreko hiruhilekoan baino salmenta handiagoak izan dituela, % 49k salmentei eutsi diela (2010eko irailetik izandako maila altuena da), eta enpresen % 9k bakarrik aipatu du aurreko hiruhilekokoak baino salmenta txikiagoak izan dituela (2007ko apirileko maila bera da eta segida osoko minimoa da).
Kanpoko merkatuari dagokionez, bultzada pixka bat galdu dela ikusi da; dena den, enpresen ia % 90ek lortu du bere esportazioak mantentzea edo areagotzea.
Eskarien zorroa
Eskarien zorroa maximotan dago; enpresen % 88,5ek uste du eskari maila normala edo altua duela, hau da, segida osoko emaitza altuena da eta, lehen aldiz, % 85ekoa baino handiagoa izan da.
Enpresen % 37,5ek uste du eskarien maila altua dela eta ia segida osoko maila maximotan dagoela esan dezakegu. Eskari maila baxua dutela diotenen enpresa kopurua % 11,5era arte gutxitu da irailean. Segida historiko osoko maila baxuen da. Enpresen % 51k adierazi du eskari maila normala duela eta segida osoko hiru altuenetako bat izan da (% 50en gainetik dauden bakarrak).
Enpresen % 88k adierazi du eskarien zorroa mantendu edo handitu duela. Industrian % +3,5 igo da (metalikoan nabarmen handiagoa da ez-metalikoan baino), zerbitzuen sektorean % +2,7 eta eraikuntzan % +8,4.
Igoera handiagoa izan da enpresa esportatzaileen artean ez-esportatzaileen artean baino, eta alde hori gehiago handitzen da enpresa industrialak bakarrik hartzen baditugu kontuan. Neurriari dagokionez, aldiz, ez dago alde handirik: batez beste, erantzunen arabera, txikienen artean izan da igoera handiena, jarraian handienena eta, azkenik, ertainena.
Produkzio-gaitasunaren erabilera
Produkzio-gaitasunaren erabilera (UCP) 1999ko urtarriletik izandako maila altuenera gerturatu da irailean eta % 85ekoa izan da. Enpresen % 94,5ek adierazi du bere UCPa mantendu edo handitu egin dela.
Produkzio-gaitasunaren erabilera maila % 85 ingurukoa izan da irailean. Hori baino handiagoa den UCP maila topatzeko, 1999ko urtarrilera egin behar dugu atzera.
Emaitza horren adierazgarritasuna ulertzeko, gogorarazi beharrekoa da % 80tik aurrera ekonomia bere potentzialera gerturatzen ari dela uste izaten dela. Bestalde, gogorarazi beharrekoa da UCP maila horiek soldatapeko enpleguak igoera handia izan duen testuinguruan lortu direla. Oro har, enpresen % 94,5ek bere UCP mailari eutsi diola edo areagotu egin duela dio.
Sektoreka, produkzio-gaitasunaren erabilera maila % 83,5ekoa da industrian; % 84,9koa industria metalikoan, eta % 76,2koa industria ez-metalikoan. % 91,5ekoa da eraikuntzaren kasuan, eta % 89,5ekoa zerbitzuetan. Enpresa industrial esportatzaileen batez besteko UCPa enpresa industrial ez-esportatzaileetakoa baino hainbat puntu handiagoa da.
Oraindik ere Alemania da hirugarren hiruhilekoan UCP maila handiena (% 87,8) izan duen ekonomia. Aurreko hiruhilekoko maila berean dago, eta joan den urtekoa baino +0,9 puntu gehiagokoa da. Frantzian, UCPa % 85,7koa da, eta Espainiako % 79,3koa. Erresuma Batuan, UCPa % 82,2koa izan da hirugarren hiruhilekoan. Hau da, azken sei hiruhilekoetako maila baxuenean dago.
Langileak: egokitasuna eta bilakaera
Enpresen % 94,5ek langile kopuru berarekin jarraitzea edo langile gehiago izatea aurrez ikusi du. 2018an, gutxi gorabehera 7.000 lanpostu garbi sortuko direla dioten aurreikuspenei eusten diegu
Langile kopuruaren bilakaera
Enpresen % 25,5ek aurrez ikusi du langile kopurua handitu egingo duela; enpresen % 69k enplegu maila mantentzea aurrez ikusi du; eta enpresen % 5,5ek gutxitzea. Inkestaren datuak Gipuzkoako ekonomiara estrapolatuta, 2018. urte osoan, aurreko urtearekin alderatuta, 7.000 lanpostu garbi inguru sortuko direla dioen estimazioa mantendu dugu.
Langile kopuruaren egokitzapena
Haien plantilla maila egokia edo gutxiegia dela dioten enpresen kopurua % 94koa da, eta gutxiegia dela diotenen kopurua % 17raino igo da.
Enpresen % 77k langile kopuru egokia du, % 17k langile kopuru gutxiegia duela dio eta % +6 da gehiegizko langile kopurua dutela dioten enpresen kopurua.
Kezka-faktoreak
Langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna da oraindik ere enpresen kezka nagusia; hala adierazi du enpresen % 43k, eta % 28k aipatu du kontratazioren bat egiteari uko egin diola pertsona egokiak aurkitu ez dituelako.
Bigarren tokian, salmenten errentagarritasunak jasandako jaitsierarekin lotutako kezka aipatu behar dugu eta hirugarren tokian, aldiz, lan-kostu altuek eta soldata-igoerek eragindako kezka.
Gipuzkoako ingurune ekonomikoa
Gipuzkoako BPGa % 3,2 igo da lehen seihilekoan aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Aldiz, lehen hiruhilekoan % 0,4 igo da, eta % 0,6 bigarrenean hiruhilekotik hiruhilekora arteko tasari dagokionez.
BPGaren bilakaera positiboa barne eskariari esker gertatu da erabat; aldiz, kanpoko sektorearen eragina hutsala izan da lehen seihilekoan. Etxeetako kontsumoa % 2,8 igo da urtetik urterako tasan enpleguaren igoera eta sarrera handiagoak direla eta. Aldiz, inbertsioa ere indartu egin da (batez ere ekipamendu-ondasunak) eta urtetik urterako tasan % 4,2 egin du gora. Kanpoko sektorean, esportazioek % 4,3 egin dute gora, eta inportazioek % 4,4. Eskaintzari dagokionez, lehen seihilekoan hazkunde orekatua izan da sektore guztietan: industria eta eraikuntzan % 3,4; eta zerbitzuen sektorean urtetik urterako % 3ko igoera.
Gipuzkoako enpresetako merkantzien esportazioak maximo historikora iritsi dira: aurreko urteko datuekin alderatuta (+194,5 milioi), urteko lehen zazpi hilabeteetan % +4,7 egin dute gora, eta 2012an izandako aurreko maximoa % +1 gainditu dute. Inportazioei dagokienez, hazkundea % +10,1ekoa (+216 milioi) izan da, baina oraindik ere 2007ko eta 2008ko datuen azpitik dago. Beste nolabait esanda, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta (% -1,1), superabit komertziala -21.5 milioi gutxitu da. Era berean, inportazioekin alderatuta, esportazioen estaldura-tasa % 185 baino zertxobait gutxiagokoa da (joan den urtearekin alderatuta, -9,5 puntu galdu ditu).
Lehen zazpi hilabeteetan, produkzio industriala % +7 igo da eta azken bosturtekoan izandako gorakada handiena izan da (zikloaren adierazlea fase hedakorrean dagoela esan dezakegu). Hala, 2008. urtearen amaierako maila beretan eta 2013ko apirileko minimoa baino % 18 gehiagoan kokatu da, baina 2008ko apirilean Gipuzkoan izandako produkzio industrial maximoari dagokionez % 16 baxuagoan.
Sektore turistikoari dagokionez, Gipuzkoako hotel-establezimenduetako bidaiarien sarrerek % +7,3ko igoera izan dute lehen zortzi hilabeteetan aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, eta aldi horretarako segida osoan izandako bolumen handiena lortu dute.
Azkenik, enpleguaren sorrerarekin lotutako joera sendoa mantendu da: besteren konturako Gizarte Segurantzako afiliazioa % +3 baino gehiagoko tasetara igo da (7.148 pertsona baino gehiago izan dira), eta kontratazio mugagabea errekorreko mailetara iritsi da. Hala, kontratu motari dagokionez, kontratu mugagabearekin Erregimen Orokorrean afiliatutakoen datu historiko handienetako bat izan da. Urtarrila eta abuztua bitartean, kontratu mugagabea duten afiliatuen batez besteko kopurua 145.238koa izan da eta aldi baterakoena, aldiz, 70.647 pertsonakoa.
Donostia / San Sebastian, 2018ko urriak 5