Gipuzkoako ekonomiak hazten jarraituko du eta enpresek 5.000 lanpostu baino gehiago sortuko dituzte 2017an
03/02/2017
Jarduera ekonomikoa % 2,5 eta % 2,8 artean haziko da 2017an, eta 5.000 lanpostu garbi baino gehiago sor daitezke.
Langile kualifikatuak kontratatzeko enpresek dituzten zailtasuna 2008tik izandako maila altuenera iritsi da eta ondorioak izan ditzake enpresen eta ekonomiaren etorkizuneko hazkunderako.
Enpresa-konfiantza oraindik ere handia da: enpresen % 90ek uste du bere egoera normaltasunekoa edo berrindartzekoa dela.
Salmentek % +3,6 egin dute gora aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Barne-salmentak % +3,0 igo dira, eta esportazioak, % +4,8.
Eskarien zorroa %2,6 hazi da eta enpresen % 72,5ek aitortu du eskarien maila normala edo altua duela. Enpresen % 82,5ak eskarien zorroa areagotu edo mantendu du.
Produkzio-gaitasunaren erabilera adierazlea %82,5 igo da.
Enpresen % 96,5ek langile kopurua mantentzea edo handitzea aurrez ikusi du.
2016an, enpresen % 87k inbertsioak mantendu edo areagotu zituen, urtearen hasieran egindako aurreikuspenak zertxobait hobetuta. 2017. urteari begira, enpresen % 42k aurrez ikusi du inbertsioak areagotzea. Aurreikuspen hori betez gero, 2001. urtetik (urte hori barne), izandako erregistro handiena litzateke.
Enpresen %99,5ak soldatak igo edo mantendu zituzten iaz. Soldatak %1,15 igo ziren 2016an eta bataz besteko inflazioa %-0,2koa izan zen.
Bizi dugun garai historikoa, aldakorra eta konplexua da, beraz, ziurgabetasuna da gauza ziur bakarra, eta hori kudeatzen ikasi beharko dugu.
Hori dela eta, enpresek eta erakundeek, oro har, inguruneko egoeretara eta aldaketara egokitzeko gaitasun eta malgutasuna hobetzen asmatu beharko dute.
Merkatuaren egoera
Enpresa-konfiantza oraindik ere handia da: enpresen % 90ek uste du bere egoera normaltasunekoa edo berrindartzekoa dela.
Enpresen % 44k uste du bere merkatua indartzen ari dela eta serie historiko osoko datu altuenetako bat izan da (irailarekin alderatuta, igoera +1,5 puntukoa da).
Datu hori joan den urteko urtarrilekoarekin alderatzen badugu, aukera hori aipatu duen enpresa kopurua -7 gutxitu dela ikusiko dugu.
Beren merkatuak normaltasun-egoeran daudela uste duten enpresak % 45,5 dira; hau da, joan den urteko urtarrilean baino +7,5 puntu gehiago. Aldiz, merkatua atzeraldian dagoela uste duten enpresen kopurua % 10,5ekoa da; hau da, iraileko minimoa baino puntu 1 handiagoa.
Hurrengo hilabeteei dagokienez, enpresen % 94k uste du merkatuko egoera normaltasunekoa edo bizkortzekoa izango dela; aldiz, % 6k bakarrik uste du merkatuak atzeraldi-egoeran jarraituko duela. Azken iragarpen hori beteko balitz, serie osoko emaitza onena litzateke, eta 2016ko irailean izandako minimoa 3,5 puntutan hobetuko litzateke.
PMI indizearen arabera, euroguneko konfiantza industriala nabarmen hobetu zen urteko azken lau hilabeteetan, eta abenduan 54,90 puntukoa zen; hau da, 2011ko apiriletik izandako maila altuenekoa.
Salmentak: barne-merkatua eta kanpo-merkatua
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, fakturazioak % +3,6 egin du gora. Barne-salmentak % +3,0 igo dira, eta esportazioak % +4,8.
2016ko azken hiruhilekoan, batez besteko fakturazioa % +3,6 igo zen aurreko hiruhilekoarekin alderatuta; beste nolabait esanda, irailean lortutako emaitzarekin alderatuta, bultzada jaso du (orduan eskariek adierazten zutenaren ildo berean). Industrian % +4,1 egin du gora; eraikuntzan, % +2,5, eta zerbitzuetan, % +2,3.
Gutxi gorabehera enpresen % 86k eskaera mailari eutsi diola edo areagotu egin duela dio. Barneko merkatuan, enpresen % 86k lortu du salmentak mantentzea edo igotzea. Kanpoko merkatuko salmentek indarra hartu dute; izan ere, enpresen % 88k mantendu edo ugaritu ditu salmentak; aldiz, % 12 izan ziren 2016ko azken hiruhilekoan salmentak gutxitu zituzten enpresak.
Eskarien zorroa
Enpresen % 72,5ek aitortu du eskarien maila normala edo altua duela, eta % 82,5ek eskarien zorroa areagotu edo mantendu du.
Eskari maila altua dutela dioten enpresen proportzioa % 27koa da (+4,5 puntu egin du gora joan den urtearekin alderatuta). Enpresen % 45,5ek aipatu du bere eskarien maila normala dela; eskarien maila ahula dutela dioten enpresen kopuruak % 27,5era arte egin du behera (2007ko apiriletik izandako maila baxuena).
Hala, eskarien zorroa % +2,6 igo da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Igoera hori sektore guztietan banatu da; zerbitzuen sektorean, eskariak % +3,8 ugaritu dira; industrian % +2,3, eta eraikuntzan % +1,3.
Enpresa esportatzaileen eskari-zorroaren eta salmenten bilakaera ez-esportatzaileena baino hobea da oraindik ere (bereziki, enpresa industrialen kasuan).
Produkzio-gaitasunaren erabilera
PGE adierazlea % 82,5era igo da
Produkzio-gaitasunaren erabilera mailak, PGE izenekoak, +2,5 puntu egin du gora eta 2016ko azken hiruhilekoan % 82,5era iritsi zen. Horrekin lotuta, esan beharrekoa da 2015eko erdialdetik ez zegoela maila horretan eta, horren aurretik, 2008ko irailetik. Sektoreka, PGEak % 81,5era egin du gora industrian; % 83,5ekoa izan da industria metalikoan, eta % 75,0koa industria ez-metalikoan. Eraikuntzan, % 77koa izan da, eta zerbitzuen sektorean, aldiz, % 86koa.
Inguruneko ekonomia nagusiei dagokienez, euroguneko PGEak +0,7 puntu egin du gora azken hiruhilekoan aurrekoarekin alderatuta, eta +0,8 puntu aurreko urtearekin alderatuta. Hala, % 82,3ra iritsi da.
Langileak: egokitasuna eta bilakaera
2016an kontratatzen jarraitzea aurrez ikusi dute enpresek. Hori dela eta, 2017an 5.000 lanpostu garbi sor daitezkeela uste da.
Langile kopuruaren egokitzapena
Enpresen % 92k uste du langileen maila egokia edo gutxiegia duela. % 14,5en ustez, gutxiegia da langile kopurua; datu hori irailekoa baino +2 puntu handiagoa da, eta 2000ko abendutik izandako altuena. Enpresen % 77,5ek uste du bere langileen maila egokia dela.
Aldiz, enpresen % 8k uste du bere langileen maila gehiegizkoa dela (2016ko urtarrilean baino -4,5 puntu gutxiagok); serie historiko osoko emaitza baxuenetako bat izan da eta 2016ko irailean izandako % 5,5en eta 2000ko abenduko % 7,5en gainetik bakarrik dago.
Langile kopuruaren bilakaera
Enpresen % 96,5ek langile kopurua mantentzea edo handitzea aurrez ikusi du. Langile kopurua mantentzea aurrez ikusi duten enpresen kopurua % 72koa da (joan den urtearekin alderatuta, +7 puntu). Langile kopurua ugaritzea aurrez ikusi duten enpresak % 24,5 dira; hau da, irailean baino +3,5 puntu handiagoa da kopurua (azken urteotan izandako emaitza onenetako bat). Aldiz, enplegu maila gutxitzea aurrez ikusi duten enpresen kopurua % 3,5era gutxitu da eta beste minimo historiko bat lortu da (-1,5 puntu irailarekin alderatuta, eta -5,5 puntu gutxiago 2016ko urtarrilarekiko).
2017. urtean, Gipuzkoako ekonomiak 5.000 lanpostu garbi baino gehiago sor daitezke.
Inbertsioa, guztira
Enpresen % 87k inbertsioak mantendu edo handitu zituen 2017an.
Enpresen % 39,5ek aipatu du 2015ean aurreko urtean baino inbertsio handiagoak egin dituela. Ondorioz, urtearen hasieran egindako aurreikuspenak zertxobait gainditu dira (% 39) eta hori baino ehuneko handiagoa topatu ahal izateko, 2007. urtera atzera egin beharko genuke. 2017. urteari begira, enpresen % 42k aurrez ikusi du inbertsioak areagotzea. Aurreikuspen hori betez gero, 2001. urtetik (urte hori barne), izandako erregistro handiena litzateke.
I+G+b arlo espezifikoko inbertsioei dagokienez, enpresen % 61,5ek inbertsioak areagotu edo mantendu zituen 2016an aurreko urtean egindakoekin alderatuta. Aurtengorako, enpresen % 63k aurrez ikusi du inbertsio horiek handitzea edo mantentzea.
Soldata igoerak
Enpresen %99,5ak soldatak igo edo mantendu zituzten iaz. Soldatak %1,15 igo ziren 2016an eta bataz besteko inflazioa %-0,2koa izan zen.
Azpimarratu behar da, aldea handia ez bada ere, enpresa txikiak izan direla euren soldatak gehien hazi dituztenak. Ez da ahaztu behar ordea, bataz besteko soldatez ari garela, eta enpresa bakoitzak konkretuki egiten dituen soldata igoerak etorkizunean, enpresa horrek duen egoera eta bilakaeraren araberakoa izango dela, eta produktibitaterekin lotuta egon beharko duela.
Kezka-faktoreak
Langile kualifikatuak kontratatzeko duten zailtasuna dela eta enpresek agertutako kezka serie osoko (2008an hasi zen) maila altuenekoa izan da. Langile kualifikatuak ez izateak ekonomiaren etorkizuneko hazkundeak muga ditzake.
Gipuzkoako ekonomia
Gure ingurune ekonomikoan, konfiantza ekonomikoa nabarmen handitu da 2016ko bigarren seihilekotik. Sektore guztietan egin du gora eta, batez ere, industrian. Ondorioz, krisitik maximotan amaitu du urtea eta horrek 2017ko bilakaera ekonomikoaren inguruan baikor izatera bultzatzen gaitu. Aurreratutako adierazleek, gainera, 2016. urtearen amaieran eta 2017aren hasieran Europako hazkundea % 2 inguruko tasatan sendotuko dela aurrez ikusi dute.
Gure ingurune ekonomikorako aipatutakoaren ildo berean, Gipuzkoako ekonomiak oso bilakaera positiboa izan du 2016an. Horri agerian uzten du % 3 hazi izanak (2015ean izan ezik, ez zen halako egoerarik ikusten krisia hasi zenetik).
Enpleguari dagokionez, 2016an 5.500 enplegu berri sortu dira % 2ko erritmoan aurreko urtean bezalaxe. Haietako % 15 industriakoak izan dira eta % 85 zerbitzuetakoak (% 34 merkataritzan eta ostalaritzan, % 20 enpresa-jardueretan, % 25 osasun arloan edo gizarte-zerbitzuetan eta hezkuntzan, eta % 6 gainerako zerbitzuetan). Horrekin lotuta, nabarmendu beharrekoa da kontratu mugagabeak aldi baterakoekin alderatuta izandako hazkunde-erritmoa bikoitza izan zela (% 10,7koa eta % 5,6koa hurrenez hurren).
Baina industria-produkzioa ia gelditu egin da eta esportazioak, bolumenaren arabera errekorreko mailatan jarraitzen duten arren, % 1,9 gutxitu dira (behin-behineko datua). Dena den, aipatu beharrekoa da tasa horri eusten lagundu duela EBk, baina hazten ari diren herrialdeetako jaitsierak kalte egin diola (2016an, % -5 gutxitu dira).
Ondorioz, Gipuzkoan, 2016. urtea % 3 inguruko hazkundearekin amaitu dugu. 2015eko datuarekin alderatuta, bi hamarren handiagoa, eta urtearen hasieran aurrez ikusitakoa baino puntu erdi bat handiagoa da tasa hori. 2017. urteari dagokionez, 2 eta 4 hamarren inguruko dezelerazioa gerta daitekeela uste dugu. Ondorioz, urteko batez besteko hazkundea % 2,5-% 2,8 ingurukoa litzateke, eta enplegua sortzeko tasa % 1,7koa. Ondorioz, aurreikuspenen arabera, 5.000 enplegu garbi inguru sortuko lirateke eta produktibitatearen igoera % 1ekoa litzateke gutxi gorabehera.