Ekintzailetza
Elkarlanean aritzeko asmoz eta ilusioz gainezka sortu da Foroa. ADEGIri atxikitako ekintzaileek konpromisoa hartu dute proiektuak garatzeko erabilgarriak zaizkien esperientziak eta ezagutza eta negozio-ideiak aldizka partekatzeko. Badakite haietako batzuk etapa edo fase batean eta beste batzuk bestean egon daitezkeela eta horregatik, bakoitzak bere esperientziak baliatu nahi ditu, partekatzeko, balioa emateko eta esperientzien bidez aberasteko.
Zergatik sortu da foroa?
Ekintzaileek garrantzia hartu dute: krisia, langabezi handia eta enpleguaren egituran izandako aldaketak medio, gero eta beharrezkoagoa da denbora eta ondarea arriskatu eta autoenplegurako aukera emango dion eta lanpostu berriak sortuko dituen enpresa bat sortzeko gaitasuna dutenen profil profesionala sustatzea.
Alde horretatik, Gipuzkoak ezin du onartu ekintzaileen proiektu onak finantzaketa eta/edo laguntzarik gabe gelditzea; izan liteke proiektu horiek ulertzen ez direlako edo ekintzaileei enpresa sortzeko babesa emango dien ekosistema sustatuko duen sare edo lobby eraginkor bat ez dagoelako.
Ekintzaile izateko, gainera, ekintzailetzaren balioak positibotzat dituen kultura soziala behar da.
Ekintzaileen Foroaren misioa
- Ekintzaileari babesa ematea haren proiektua jarduera ekonomikoa duen negozio-eredu bihurtu arte, edozein dela ere enpresa sortzeko modu juridikoa.
- Ekintzaileen arteko interakzioetarako espazio bat sortzea, esperientziak partekatzeko eta balioa ezagutzeko. Elkarteko enpresekin eta kideekin aukera bihur daitezkeen sinergiak sortzeko lan egitea eta sinergia horiek sustatzea.
- Ekintzaileen artean lankidetzarako sareak sustatzea eta aktibatzea. Sare horiek jakintza eta esperientzia biltzen dituzten gune garrantzitsuak dira eta lurraldean eragin handia duten proiektuak sortzen laguntzen dute.
- Ekintzaileari enpresak kudeatzearen arloan Elkartean dugun ezagutza eskaintzea. Arazoak identifikatzetik arazo horiek konpontzeko proposamenetaraino.
- Gipuzkoako gazteen hezkuntzan ekintzailetzaren balioak eta jarrerak sustatzea. Unibertsitateekin eta prestakuntza-zentroekin elkarlanean aritzea ikasleen ekintzaile-profila areagotzea sustatuz.