ADEGI: hitzarmena edo lanuztea, aukeratu egin behar da
24/09/2010
ADEGIk hitzarmena aukeratu du; sindikatuek, berriz, lanuztea. Horrek dirauen bitartean, ez da egongo ez negoziaziorik, ez eta hitzarmenik ere.
Enpresek moldatu beharko duten agertokia erabat aldatu da: merkatu desberdinak, lehiakorragoak, hobeak eta, zenbaitetan, merkeagoak. Era horretan, enpresa malguenek bakarrik, aldaketak sortzen diren abiadura berean aldaketetara egokitzen diren horiek, lehiatu ahal izango dute arrakasta lortzeko aukera izanik. Izan ere, enpresak lehiakorrak ez badira, ez dute salduko, ezingo diete soldatei eutsi, lana murriztu beharko dute eta, hainbat egoeratan, enpresa ixtera hel daitezke.
Gipuzkoako Metalaren Hitzarmenak ere kontuan izan behar du egoera-aldaketa hori. Hori dela eta, ADEGIk bere enpresa-proposamena aurkeztu zuen pasa den otsailean. Proposamen horren helburua enpresetan inguruko aldaketetara egokitzen laguntzeko hitzarmen bat ezartzea zen. Horretarako, aldaketak proposatu ziren lan-egutegian, prestasun-orduetan, mugikortasun funtzionalean eta geografikoan, eta lan-baldintzak aldatzeko erraztasun gehiago jartzean, besteak beste.
Gainera, ADEGIren apustuetako bat Gipuzkoako enpresei eta enpresa horietako langileei inguruko egoera berrietan egonkortasuna lortzeko eta moldatzeko baldintzak ematea da, Gipuzkoako Metalaren Hitzarmen baten bidez.
Proposamen hori aurkeztu ondoren, sindikatuek uko egin zioten ADEGIrekin negoziatzeari, eta EZETZAren diskurtsoari heldu zioten. EZ adostutako bilera-egutegia betetzeari; EZ beste aldearen zilegitasuna onartzeari (negoziatzeko asmo onaren kontra); EZ enpresa-proposamenari buruz hitz egiteari (soilik hori baztertzea espero zuten); EZ mahaian jarraitzeari.
Argi ikusi zen negoziatzeko borondaterik ez zegoela. EZ zuten hitzarmena negoziatu nahi. Haien proposamena inposatu nahi zuten. Horregatik, ADEGIri enpresa-plataforma kentzeko eskatu zitzaion, negoziatzen hasteko. Negoziazioa ulertzeko modu bitxia, benetan. Zuk zure proposamena kendu eta nik neureari eutsi. Hori ez da negoziatzea, inposatzea baizik.
Denbora horretan, ADEGIk Metalaren Mahaian jarraitu zuen jarrera irekia izanik, nahitaezko gaietara jo gabe. Negoziatzera, hitz egitera, entzutera, hausnartzera eta eztabaidatzera joan zen, bi aldeek aurkeztutako plataformetan oinarrituta. ADEGIk inoiz ez du uste izan besteak haien iritziak aurkezten ari direnean probokatzen ari direnik eta bereak proposatzen dituenean proposamen konstruktiboak egiten dituenik. Izan ere, horrek aurrera egiteko eta akordioetara iristeko arazoak sortuko lituzke, eta ADEGIk aurrera egin nahi du, akordioetara iritsi nahi du.
Hain zuzen ere, ADEGIk aurrera egin eta akordioetara iritsi nahi duenez, ELA eta LAB sindikatuak negoziazio-prozesu honen hasieratik guztiari EZ esatera tematu ondoren, pasa den astean jarrera immobilistak uztea erabaki zuten, gutxieneko mugimendua egiteko. Erantzuna beste proposamen bat izan zen. Proposamen horrek negoziazioa desblokeatu eta negoziatzen hastea ekarri zuen. Gainera, deituta zegoen bederatzi eguneko lanuztea ere bertan behera geratu zen.
Proposamen horren bidez, ADEGIk lagapen garrantzitsuak egin zituen hasieran: Hitzarmenaren ultrajarduera gai eztabaidagarria baztertu zuen, eta langileen antzinatasuna, bermeak eta eskubide sindikalak mantendu zituen. Ez hori bakarrik; ADEGIk LABek egindako proposamena (negoziazioa hutsetik hastekoa) onartu zuen, negoziazioa hiru ataletan banatuta: iraunaldia, laneguna eta soldatak.
Metalaren mahaia desblokeatzeko asmoz ADEGIk egindako mugimenduaren bidez, Gipuzkoarako Metalaren Hitzarmena adosteko negoziazio-aukerak ireki nahi ziren. Bai. Negoziatzen hasteko aukera eman da, ADEGIren proposamenak negoziatzen hasteko baldintzak sortu nahi izan dituelako. Nabarmendu behar da oraindik ez direla hitzarmenaren edukiak negoziatzen ere hasi.
Baina onartu ezin dena zera da: ADEGIk bere proposamenetan aldaketa garrantzitsua egin eta gero (egia esan, ELAk eta LABek egindakoa baino garrantzitsuagoa), egindako lagapenen ondoren eta LABen proposamena onartu ostean, bi sindikatuek, negoziatzen hasi gabe eta negoziatzen hasteko baldintza gisa, bederatzi eguneko lanuzteari eustea.
ADEGIk argi azaldu zuen mahaian. Bi aukera daude: hitzarmena edo lanuztea. Lanuztea aukeratuz gero, ez litzateke hitzarmenik egongo, eta hitzarmena egoteko ezin da lanuzterik egin. Ezbai horretan, hitzarmenari EZ eta lanuzteari BAI esatea erabaki zuten sindikatuek. Badakite zer egin behar duten hitzarmena nahi badute: langileak engainatzeari utzi, ezin baitute atzeko estrategia ezkutatu; EZ hitzarmenari, bai borrokari, liskarrari eta lanuzteari, epe motzeko hauteskunde-interesak bilatuz.
Hitzarmenaren edo lanuztearen artean sindikatuek lanuztea aukeratzeak ADEGIren susmoak baieztatu ditu, ELAren eta LABen benetako interesei dagokionez. ADEGIren ustez, negoziazio honetan ELAren eta LABen interesa ez zen Gipuzkoako metalurgialarientzako eta horiei lana ematen dien enpresentzako hitzarmena lortzea, baizik eta etengabeko borrokaren eta liskarraren estrategian sakontzea.
Gipuzkoako metal arloko enpresak, bitartean, gero eta ahalegin handiagoa ari dira egiten etengabe aldatzen diren XXI. mendeko inguruetara egokitzeko. Baina, itxura batean, ELAk eta LABek ez dute ikusi nahi mundua aldatu egin dela, baldintzak egunero aldatzen direla eta enpresek aldaketa horietara egokitzeko beharra dutela aldaketak gertatzen diren abiadura berean. ELAk eta LABek nahiago dute immobilismoan jarraitu, XIX. mendeko diskurtso eta praktika sindikaletatik mugitu gabe.
Langileen eskubideak defendatu hainbat lanpostu arriskuan jarrita. Hori da lanuzte horrekin lortuko dena. Gainera, lanuzteak enplegua suntsi lezake, enpresa askoren bideragarritasuna estualdian jarriz; izan ere, sei hilean ia bi asteko lanuztea jasan beharko dute (deialdi honetako zazpi, lau egindakoak eta lanuzte orokorreko beste bi). Horrek bezeroak, merkatua eta negozio-aukerak galtzea ekarriko luke. Arduragabekeria handia da, eta soilik enpresen egoera ezagutzen duten langileen zuhurtziak saihets dezake egoera hori.
Langileek jasan duten eta lanuzte arduragabe honen ondorioz jasango duten soldata-murrizketa ezingo da berreskuratu balizko etorkizuneko soldata-igoerarekin. Sindikatuek ezingo diote galera hori ordaindu.
Uste dugu langileen erantzukizunak eta interesak lanuztera deitzen duten sindikatuetako ordezkariek baino zentzu handiagoz jokaraziko dutela.
ELAk eta LABek hitzarmena egitea aukeratzen dutenean, lanuztea aukeratu beharrean, ADEGI prest agertuko da Metalaren Hitzarmena negoziatzeko, baina inposaketarik, xantaiarik eta mehatxurik gabe.